Ondo ikasitako lekzioa

•23 Noviembre 2009 • 8 comentarios

SBBk ez ditu gauzak erraz izan sortu denetik. Ez du herritar askoren oniritzirik izan, ez diru laguntza askorik, ezta entrenatzeko eta jolasteko beharrezkoa den zelaia lortzeko erraztasunik ere. Hasiera gogorra izan arren, taldea egin da, zelaitik kanpo eta zelaian ere bai. Eta horixe bera erakutsi zuen SBBk larunbatean Ibarra futbol zelaian.

Baja askorekin zelairatu zen SBB Aretxabaletan UDA-Arizmendiren aurka. Aurreko astetik aldaketa askotxo egin beharrean izan zen taldea. Berriro ere Fugas atean, atzean Ogitxiki, Lezertua, Lertxundi eta Azkarate. Aurretik Bensan eta We, eskuin hegalean Txatua, ezkerrean Keoma eta aurrean Fermin eta Baraka. Hasi aurretik taldearen helburua ez galtzea zen. Aretxabaleta beti da zelai gogorra eta puntu bat ekartzea ez legoke gaizki eta atsedenaldira emaitza horrekin iristea zen. Baina zelaian lehen zatian ikusi zena eta gero berdinketa sari txikia izango zela argi geratu zen.

Haize gogorra zen zelaian eta horrek futbola itsusitu arren, SBB gehiago izan zen. UDA Arizmendiri baloiak ez zion asko irauten Bensan eta We-k imanak bota barruan jarri baitzituzten. Atzean ez zuten estuasun handirik izan, besteak beste, Fugasek goitik esekitako baloi guztiak harrapatu baitzituen. Bakarra huts egin zuen eta Lezertuak langapetik atera zuen, Fugasen bizkartzain lanak eginaz. Talde hontan, taldekideen artean, elkarren bizkartzain lanak guztiek egiten baitute. Erasoan lehen zatian ez zuen SBBk aukera garbirik egin ere, baina arrisku sentsazioa lehen minututik azkeneraino eman zuten.

Atsedenaldira hutsean iritsita, aldagelako konjura etorri zen. Berdinketa gutxi izan eta, SBBk orain arteko partidu guztietan sartu du golen bat, eta Aretxabaletan ere aukera izan, sartu eta probestea zen helburu. Esan eta egin. Bigarren zatian Masi zelaian zelarik, aurkako korner bat Ogitxikik kanpora atera, baloia alboko marratik galdu aurretik urrundu, Ferminek eraman, erdiratu eta Keomak bigarren zutoinean barrura. Seigarren gola Keomak urteko kontraerasorik onena burutzeko. Poza ezin eutsi…

Hortik aurrera komeriak. Masik falta bakarra egin arren bi txartel ikusi eta kalera bota zuen epaileak inok ulertu ez zuen erabaki arraro batean. UDA Arizmendi ere, markagailuan atzetik eta jokoan ezinean ikustean partidua zikintzen hasi zen baina SBBk italiarren kamiseta jantzi eta denpora ondo manejatu zuen bukaerarate. Ezin liteke esan  estuasun handirik pasa zutenik. Bigarren zatian aurrera joanda Urkiza, Matu eta Tita atera ziren eta hauen lana ere goraipatzekoa. Defentsa lanean, talde lanean eta norbere gaitasunean taldeak duen fedean oinarritu zuen garaipena SBBk.

Azken hiru partiduetan taldeak izan duen gorakada oso nabarmena da. Arrazoia aurkitzea ez da erraza, egia esan, baina taldeak bere sorrera honetan izan dituen zailtasunek zerikusia izan dutelakoan gara. SBBn jolastean norbere zati bat jartzen du zelaian, norbere estima jartzen du zelaian. Gauzak errazak izan ez arren taldea aurrera doa eta larunbateko 3 puntuekin igoera fasea esku eskura jarri zaio. Hau da bidea eta ondo ikasi du lekzioa taldeak.

Ondo merezita

•17 Noviembre 2009 • 1 comentario

Debako desterruan lehen garaipena lortu zuen SBBk larunbatean. Eta ondo merezita. Taldea hobetzen doa. Aurreko asteko lehen zatian erakutsi zuen talde bezela jolastu dezakeela, eta larunbatekoak konfirmatu egin zuen. Hasieratik jokalariak oso motibatuta atera ziren. Hamaikakoan aldaketa ugari izan ziren. Atean Fugas, Kerek eskuin hegala hartu zuen defentsan eta Ferminek ezker hegala. Erditik Lertxundi eta Lezertua. Arazorik gabe. Atzealdeak ondo eutsi zion partidu osoan, eta bestetan ez bezela ez zuen estuasun handirik izan. Bensan ere lesioa gaindituta hamaikakora itzuli zen. Eta asko igarri zuen taldeak. Hegaletan ezkerrtik Keoma eta eskuinetik Txatua. Punta erdi lanetan Igor eta aurrean Jeremy eta Baraka. Erasoan jokaldi polit bakan batzuk ikusi genituen baina ordu erdia iritsi harte etzen golik azaldu. Kerek luze ateratako banda Bensanek errematatu eta atezainak geratu ostean Keomak gola. Minutu onak eta merezitako emaitza. Lehen zatia bukatuta zela, eskuin aldetik Lezertuak falta atera eta lehen zutoinean Keomak ikutu ostean bi eta hutsekoa markagailura. Bost gol daramatza taldeko 20 zenbakiak 8 partidutan.

Bigarren zatia kontatzen hasi beharko bagenu, trilogia idazteko emango liguke. Eta protagonista bakarrarekin: epailea. Partida gehiegitan gelditu zuen jokalarien protestak eta faltak moztu nahian. Gazteak F.T ez dira ixilik egotekoak eta erabaki guztiak protestatzen zituezten. Momentu surrealista oraindik ordu erdi geratzen zenean iritsi zen. Epaileak Gazteak-eko jokalari bat egotzi zuen bigarren txartel horia aterata, baina jokalaria zelaitik ateratzeari uko egin zion, aurrez txartelik etzuela esanaz. Eibartar talde osoa protestaka zebilela, arbitroak aldageletarako bidea hartu zuen. Afizioak etzekien barrez lehertu edo etxera joan. Halako batean, ordu laurdena pasata berriro ere itzuli zen, Gazteakek 11 jokalarirekin jarraitu zuen. Ez denpora askoan, berriro ere, aurrerago egotzitako jokalaria bota baitzuen epaileak hirugarren txartela erakutsita.

Hortik aurrera partidua hoztu egin zen eta Gazteaken azken sahiakeran egon baziren ere, SBBk errenta handitzeko parada izan zuen Kerek egindako urruneko jaurtiketa batetan.

Igoera fasean sartzeko aukerak orain argiago ditu SBBk. Guztiz argitzeko ezinbestekoa izango zaio aste honetan Aretxabaletan izango duen partidutik punturen bat ekartzea. Aurreko asteetako itxura mantenduz gero, puntuak bakarrik iritsiko dira.

Entrenamendua Ondabarron

•17 Noviembre 2009 • 1 comentario

Gaur arratsaldeko entrenamendua Ondabarron izan beharko da arratsaldeko 7tatik aurrera. Udaletxearen ganoragabekeriak futbol zelaian obran dauden langileen patxadaren erruz, berriro ere Ondabarroko basatzan entrenatu behako gara.

Galdu arren, burua goian

•9 Noviembre 2009 • 1 comentario

Liderrari egin zion bisita SBBk eta 2-1 galdu. Hala ere, ezin daiteke esan gutxiago izan zirenik. Lehenengo zati oso ona egin zuten, atzean gogor eutsiz eta kontraerasoak erabiliz arriskua ere eraman zuten. Arrasatearrek futbol ona egiten dute, eta SBBk futbol zuzenagoa erabili beharra du, baina hala ere taldeen arteko kolpe trukaketan ez zen gutxiago izan. Atsedenaldira hutsean iritsi arren, bigarren zatiaren haseran zoritxarreko jokaldi baten 1-0eko sartu zuten Mondragonek falta bat errematatu ostean. Falta izan ez zen mano baten ondoren etorri zen. Zoritxarrak atzetik jarri zuen SBB. Kolpe moral latza izan zen, eta handik minutu gutxitara 2-0eko sartu zuten.

Hortik aurrera, SBBk gutxi galtzeko izanik, aurrera jo zuen, eta azken ordu erdian estu hartu zuen Mondra. Batez ere, ordu laurdenaren faltan Keomak sartutako golaren ondoren.

Azkenean 2-1 galdu eta arazotan sartu da SBB, bost puntu ateratzen baitizkiote aurretik duten taldeek eta Arizmendi, atzetik duenak, partida bat gutxiago baitauka. Datorren asteburuan Gazteak izango du aurkari, igoera fasera sailkatzeko arerio zuzena. Irabaztea ezinbestekoa. Denboraldiko lehen finala beraz datorren asteburuan.

hirugarrenaren bila

•30 Octubre 2009 • Dejar un comentario

Hirugarren garaipena bilatuko du jarraian SBBk bihar arratsaldeko 18:30tik aurrera Errotazar (Deba) zelaian. Aurkari Bergara izango da eta Gaba Beltza izanik Mutrikun, afizioak egin du bere plana: litroak zelaian, SBB animatu eta gero mutrikun parranda segi, garaipenarekin bada, askoz hobe.

Afizioaren bultzada ezinbestekoa izango da. Garaipenak bigarren postura altsatuko ditu Mutrikuarrak, eta igoera faserako aurrera pausu handia emango dute. Afizioaren bultzada ezinbestekoa izango da, taldearen bajak kontuan hartuta.

Hiru puntu kaosaren erdian

•26 Octubre 2009 • Dejar un comentario

Hiru puntu, hirugarren garaioena etxetik kanpo. Denboraldi honetan hiru aldiz joan da SBB Eibarra eta guztietan hiru puntu ekarri ditu etxera. San Migel zelaia bukatzeko presarik ez dute batzuk eta Debako desterruan jolastutako sei puntutatik bakarra poltsikoratu dute. San Migele jokatu ezkero, agian SBB posturen bat gorago izango zen.

Partidu itxusia eta txarra jolastu zuen SBBk larunbatean. Hasi, ondo hasi ziren. Denboraldiko arrankerik onena egin zuten, mentalizatuak, lehenengo minututik golaren bila, eta baloi luze bat aprobetxatuz, Keomak 0-1ekoa bosgarren minuturako markagailuratu zuen. Urrengo ordu laurdenean ondo aritu ziren, eta aukerak ere izan ziren. Jeremyk atezainarekin buruz  buru baloia gora bota zuen, Masik ere aukera izan zuen… agian bigarrena sartu izan bazuten partidua beste era batekoa izango zen. Baina futbolak holakoxe gauzak ditu…

Lehen zatiaren erditik aurrera Urkik zelai erdian baloia bereganatu zuen eta arazoak sortu zituen. Aukerak ez asko. Argiena baliogabetutako gol bat, jokoz kanpoko argiagatik arbitroak baliorik gabe utzi zuen. Atsedenaldira estuasun gutxirekin iritsi ziren. Bigarren zatian ordea, Urkik gogor bultzatu zuen, eta jokalari bat gutxiagoz geratu arren, estu hartu zuten SBB. Aukera argirik etzen izan bukaerararte, baina SBBk eman zuen irudia, zelaian galduta zegoela izan zen. Aurkaria bat gutxiagoz izan arren ez zuten partidua hiltzen jakin, ezta baloia bereganatzen ere. Azkenean, kaosaren erdian hiru puntu, eta lehen itzulia bukatzeko partidu baten faltan, hirugarren postuari eusten dio taldeak.

p.d: partiduan izan baziñen eta argazkirik baldin baduzu, bidali sbbmutrikuarrak@gmail.com helbidera.

Larunbatean Eibarra (berriro ere)

•21 Octubre 2009 • 2 comentarios

Deskansu jardunaldia eta gero, berriro ere Unbeko zelaietara bueltatuko da SBB Mutrikuarrak. Larunbatean arratsaldeko 17:30tatik aurrera Urki-ren aurka jokatuko du taldeak. SBBk etxetik kanpo jokatutako partida guztiak irabazi ditu eta hirugarren garaipana jarraian lortu nahi dute.

Lau partida jokatu eta gero SBB hirugarren postuan dago. Aurretik Gazteak bi puntutara eta Mondragon sei puntutara dago, biak ere partidu bat gehiago jolastu dituztelarik. bi jardunaldi gelditzen dira lehen faseko lehen itzulia bukatzeko eta bi jardunaldi horietan Gazteaki lehen eta Mondragoni gero, tokatzen zaie deskansu jardunaldia. Beraz, Urkiren kontra irabazi ezkero distantziak moztutzeko aukera ona izango da. Berriro ere eibarra, ea berriro ere 3 puntuak ekartzeko beta dagoen aurreko aldietan bezela.

Afizioari ere deialdia egin nahi dio taldeak, larunbatean ordu politan baita partidua, arratsaldeko 17:30tan Unbeko goiko zelaian. Partidu ostean, garaipena elkarrekin ospatzeko esperantzarekin joango gara denok eibarra.

haunditzen…

Argazkilari bila

•14 Octubre 2009 • 1 comentario

¿Zer iruitzen web hau? Ez dago gaizki, ezta? Baina argazki batzuk falta. SBB Mutrikuarrakek zalegoari dei egin nahi die partiduetan argazkiak atera eta web era bidaltzeko animatuz. Sor dezagun argazki galeria bat eta partiduetako irudiekin dotoretu weba.

Boluntarioek idatz dezatela sbbmutrikuarrak@gmail.com helbidera.

Ondo merezita

•14 Octubre 2009 • Dejar un comentario

SBBk bere bigarren garaipena lortu zuen igande goizean Eibartarrak “B” taldearen aurka. Goizean goiz jokatu zen partidua, 10tan eta ordua eta euriari aurre eginaz zalegoa berriz ere, SBBri animatzera hurbildu zen. Beraientzat izan dadila garaipen hau.

Denboraldiko minuturik onenak eskaini zituzten Ulaziaren mutilek, agian ez zuten lehen jardunaldiko intentsitatearekin jolastu, baina hala ere, joko maila dotorea eskaini zuten. Esan beharra dago huts eta bikoa emaitza labur xamarra geratu zela.

Lehen zatian gehiago izan arren ez zuen SBBk golik egiterik izan, aukerak izan, izan zituzten: Jeremyk, Ferminek, Bensanek… Hala ere, Eibartarrakek izan zuen aukerarik argiena baina Pablok bere maila erakutsi zuen eta izugarrizko gelditua egin zuen.

Bigarren zatian gauzak aldatu egin ziren. Lezertuak ezkerretik ateratako falta bat Bensanek burukatu eta 0-1 ekoa markagailura. Hortik aurrera SBBren futbolik onena ikusi genuan denboraldi honetan. Aukerak bata bestearen atzetik izan arren, ate aurrean kamuts. Bukaerarako ordu laurdena faltan Matuk bigarren gola egin zuen eta lasaitasunez bizi izan zituzten azken minutuak Mutrikuarrek.

Etxetik kanpoko partiduak garaipenekin kontatzen dituzte horrela Mutrikuarrek. Aste honetan deskantsu jardunaldia dute eta urrengo astean berriro ere etxetik kanpo eibarren jolastuko dute Urkiren aurka, ea berriro ere garaiperarekin bueltatzea duten.

Goiztiarren futbola

•7 Octubre 2009 • 2 comentarios

Igandean goizo jaikitzea tokatuko zaio SBBri. Eibartarrak B – SBB Mutrikuarrak goizeko 10tan jolastuko da Unbeko beheko zelaian. Orain arteko hiru partiduetan afizioa fidela izan da taldeari eta hauen hatsak puntuak batzen lagundu du, baina aste honetan baimena emango diegu jai hartzeko.